luxkoss@gmail.com

martes, 27 de septiembre de 2011

1975 Irailak 27 a, Herri honen iragan urbila



1975EKO IRAILAK 27: HERRI HONEN IRAGAN HURBILA






José Luis Sánchez Bravo,1954-1975. FRAP eko kidea.

Ramon Garcia Sanz, 27 urte, FRAP eko kidea.

José Humberto Baena Alonso, 1950-1975 FRAP eko kidea.

Anjel Otaegi Etxeberria, 1942-1975 ,ETAm ko kidea

Jon Paredes Manot-Txiki ,1954-1975 ,ETA pm ko kidea

Frankismoaren gainbehera 1970eko abenduan hasi zen. Burgoseko prozesuan hamasei euskal militante epaituak izan ziren, haietako sei heriotza zigorrera kondenatuz. Herriaren eta nazioarteko mobilizazioei esker Franco diktadoreak ezin izan zuen bere nahia gauzatu. Erregimen frankistaren lehen porrota izan zen hura. Hiru urte geroago, ETAk Carrero Blanco gobernuko buruordea hiltzean, hil-hurrean geratu zen erregimen faszista. Erregimenak diktadura indarrean mantendu nahian, salbuespen egoerak eta errepresio maila izugarriak zabaldu zituen. Euskal Herriko herritar xumeengana iritsi ziren errepresioaren zantzuak. Aldi berean, ETA erakundea, erregimenaren egoeraren eragilea, krisi egoeran murgildu zen ordainetan.

MILIAK ETA POLI-MILIAK.

1974an ETAko langile frontetik LAIA sortu zen. Fronte militarraren jarduerak langile borroka oztopatzen zuen, antza, baita barne funtzionamendua deuseztu ere. Borroka armatua praktikatzen zutenen artean diferentzia estrategikoak jalgi ziren, bestalde. Frankismoaren amaieran eta geroan, bi erakunde ezberdinetan banandu zen ETA: miliak eta poli-miliak. Zatiketaren ostean, erakunde militarren aldetiko lehen ekintza Azpeitian izan zen. Komando batek Gregorio Posadas Zurron guardia zibila hil zuen. Burutu zen eragatik ekintza hura jauzi bat izan zen jarduera militarraren barnean. ETA militarra ekintza zehatzak burutzen hasi zen eta bere ekintzaileek muga psikologiko bat gainditu zuten hartara. Urte bereko abuztuan, Arruabarrena "Tanke" eta Garmendia "Tupa" atxilotuak izan ziren Donostian. Tupa -hamabost egunez koma egoeran izan ostean- Gregorio Posadasen hilketaren egileetako bat izateaz akusatua izan zen. Hainbat hilabete behar izan zuen suspertzeko. Anjel Otaegi ekintza hartan nahastu zuen poliziak. Geroago, auzitegi militar batek epaituak izango ziren eta heriotz zigorrera kondenatuak biak hala biak.

POLI-MILIAK ESTATUAN BARRENA.

Juan Paredes "Txiki" ETA politiko-militarrean zegoen 1975ean. Poli-miliek estatuan barrena zabaldu zuten beren operazio eremua. Txiki Hegoaldean mugitzen zen nonbait. Apirilaren 1eko egunkariek Donostian hila izan zen Jose Diaz Linares inspektoreordearen atentatuarekin nahasi zuten. Geroago, poli-milien Bereziak deitu komandoetan hasi zen. Bartzelonan zebilela, Jose Ignacio Perez Beotegi "Wilson" militantearekin atxilotu zuten. Poliziak haien atxiloketak isilean mantendu zituen. Txikiri hilabete batzuk lehenago izandako polizia baten hilketa leporatu zioten atxilotu izan bezain laster. Wilsonek gerora adierazi zuenez, Txikik ez zuen hilketa hartan inolako esku hartzerik izan.

TXIKI ETA OTAEGI ERREGIMENAREN JOMUGA.

Txiki eta Otaegi euskal militanteek epaituak eta heriotz zigorrera kondenatuak izateko adineko motibo zuten erregimen faszistaren espetxeak betetzen zituzten ehundaka presoek. Franco diktadorearen gobernuak, Burgoseko epaiketan ez bezala, azkar jokatu zuen.

Mark Palmes eta Magda Oranich abokatu katalanak arduratu ziren Txikiren defentsaz. Txiki uztailaren 30ean atxilotua izan zen. Artean, Francoren gobernuak indarrean zegoen dekretu antiterroristaren legea muturreraino eramateko lege berezi bat aditzera eman zuen. Palmes eta Oranich abokatuek lau ordu izan zituzten Txikiren defentsa prestatu ahal izateko. Abokatuek abuztuaren 23a arte ez zuten Txiki ikusterik izan. Abokatuek sasiepaiketa hartan egindako ahaleginak biziki eskertu zituen Txikik, baita hilko zuten erabat konbentziturik zegoela aditzera eman ere.

Anjel Otaegik, berriz, poliziak berarekiko sumoak usatuak zituela sinestua Nuarbera itzultzea erabaki zuen hilabete batzuk lehenago. Azaroaren 18an (Tupa atxilotu eta hiru hilabetera) atxilotu zuten Anjel Nuarbeko bere etxean. Martuteneko espetxera eramana izan zen lehenik, eta hiru hilabetera Burgosera. Artean, Burgoseko Kapitaintzako fiskal militarrak Tupa eta beraren aurka eman zituen heriotza zigorrak. Juan Maria Bandresek eta Pedro Ruiz Balerdik eraman zituzten Tupa eta Otaegiren defentsak.

Hiru militanteen aurkako epaiketak abuztuan burutu ziren. Gobernuak protestak isilarazteko udaldia hautatu zuen, lantegiak eta jendea opor garaian zeudelarik. Abokatuek ezin zuten deus egin, epaiak aldez aurretik emanak zeuden-eta. Tuparen deklarazioak koma egoeran jasoak izan zirela frogatu ahal izan zuten bere sendagileek, eta haiei eskerrak, harentzako absoluzioa erdietsi zuten abokatuek. Txiki eta Otaegi euskal militanteak exekutatzeko gutxi zirelakoan, Francok FRAPeko beste hiru kide hautatu eta taxuzko epaiketarik egin gabe exekutatu zituen: Jose Luis Sanchez Bravo, Ramon Garcia eta Jose Humberto Baena. Abuztuaren 28az geroztik manifestazioak eta greba orokorrak deituak izan ziren Euskal Herrian. Espainiako eta Frantziako hainbat hirietara zabaldu ziren protestak eta lanuzteak. Hilketak burutu aurretiko egunetan Europako eta munduko gobernuen presioa jaso zuen Francoren gobernuak. Aita Saintua ere zigorraren aurka agertu zen. Sententzia emana zegoen, ordea. Bi hilabetera hilko zen Franco diktadorea.

Txikik eta Otaegik herriaren gogoan diraute

Mikel Asurmendi, Argia,1776 alea, 24-09-2000



No hay comentarios:

Publicar un comentario