ZAKURRAREN MUTURRA
Bein batean, Pernando amezketarra bazijoan ba bide batean barrena, ta gizon ondo jantzi bat, orain baskuentzez Kaballero deitzen dan oietako bat, bere zakurrarekin arkitu zuan.
Alderatu zanean, gizonak ez zion zaunkik egin; zakurrak ere ezer esan ez. Au da, ez batak eta ez besteak ez zioten egun onik eman.
Baña zakurra alderatu zitzaion, braka zarrak usaindu zituen eta atzeko anka altxatzen asi zan.
Orduan, Pernandok, zakurra uxiatu zuen esanaz:
—Ua emendik, nagusiyaren mutur orrekin.
Orduarte ixilik egon bazan, jaun arrek bazuen orduantxe zer esana. Arren abotik Pilatosen abotik baño zitalkeri zorrotz, min, latzagoak atera ziran.
Ez ori bakarrik; andik egun gutxira, epaikari aurrera deitu zuen Pernando.
Baxo-erdi bat erateko garaia izango zan aldera epaikariaren aurrean bildu ziranean, kaballero izeneko ura bere zakurrarekin, eta Pernando txakur txiki bat ere gabe.
Bereala beren auziari eraso zioten.
Jaunak:
—Gizon onek, orain egun gutxi iseka egin zidan.
Pernandok:
—Ez da egia.
Epaikariak:
—Tilin! Tilin! Tilin!
Jaunak, berriro:
—Gizon onek iraindu egin ninduen.
Pernandok:
—Ez da egia.
Epaikariak:
—Tilin! Tilin! Tilin!
Azkenik, jaunak:
—Gizon onek esan zidan, zakurrak nere muturra zuela.
Pernandok:
—Ori bai dala egia.
Epaikariak:
—Eta iraindu ez zenuela diozu?
—Ez noski.
—Nola ordea?
—Ara epaikari jauna: Zakur au, norena da?
—Nagusiarena.
—Eta zakur onen muturra?
—Nagusiarena.
—Ori da ba nik esan nuena. Zakurrak nagusiaren muturra zuela.
Guziak mututu ziran, ori entzun zutenean; eta, orra, nola Pernando amezketarrak auzia irabazi zuen.
Pernando Amezketarra, jaiotzez Fernando Bengoetxea Altuna (Amezketa, 1764ko urriaren 10a - Amezketa, 1823ko uztailaren 9a) bertsolari eta plazagizon gipuzkoar famatua izan zen, bere ateraldi umoretsu eta bizitasun eta argitasunagatik.
Artzaina izan zuen ogibide, bere garaiko herrikide gehienen modura. 1790ean ezkondu zen Mari-Joxepa Sagastume amezketarrarekin, eta 9 seme-alaba eduki zituzten. "Ixpille" eta "Azentzin txikia" izeneko baserrietan bizi ziren, eta azken honetan hil zen Pernando.
1990eko hamarkadan ETB-1ean bertsolari honi buruz marrazki bizidunetako telesaila eman zuten.
No hay comentarios:
Publicar un comentario