luxkoss@gmail.com

miércoles, 31 de marzo de 2010

TXIRRITA


Gaurkoan beste bertsolari haundi bat ekarriko dugu gogora. Argazkian ezkerretara Txirrita eta eskubitara Salburu, biak bertsolariak.

Jose Manuel Lujanbio Retegi "Txirrita" bertsolaria,1860 Hernanin jaio eta Altzan zendu zen 1936an.

Hernaniko Ereñozu auzoan jaio eta oraindik umea zela Oreretako Txirrita baserrira aldatu zen; hortik hartu zuen ezizena. Bere azken urteetan Altzako Gazteluene baserrian bizi izan zen. Nahiz eta bere etxeko premua izan, baserritar bizimodua utzi eta hargintzan hasi zen. 14 urte zituenetik hasi zen bertsolari zaharragoekin herriz herri saioetara joaten.

Mingain zorrotz eta bizkorreko bertsolari gisa nabarmendu zen, eta haren ateraldi umoretsuak herriaren gogoan gorde dira. Gai sozialak lantzen diren bertsoetan garai hartako herri-klaseen pentsamolde eta sentimenen berri ematen da.

Antonio Zabalari kontatu ziotenez, Txirritagana jende asko joaten omen zen norbaiten kontrako bertso-paperak jar zitzan eskatzera. Desamodio kontuak eta mota guztietako arrazoiengatik sortutako ezin ikusiak ziren, besteak beste, bertso-sorta horietako gaiak. Enkargatutako gaiaren gainean bertso-sorta bat buruz konposatzen zuen Txirritak eta bere ilobak paperean jarri, gero inprentara eraman eta azoka egunetan saltzeko. Bertso asko galdu ez izana herriaren oroimenari eta Antonio Zabala bezalako bertso-paper biltzaileei zor diegu.

Eskola zaharreko bertsolari mutilzahar, parrandazale eta pikaroaren prototipoa bihurtu da Txirrita euskal iruditerian. Hargin ona izan arren, ez omen zitzaion lan egitea asko gustatzen eta ahal zuen guztietan jai hartzen omen zuen tabernan edanean eta jokoan aritzeko. Eskolarik gabea zen; inprentako hizkiak irakurtzeko gai bazen ere, ez zekien idazten eta bertsoak ilobari diktatzen zizkion.

1935ean lehen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako txapeldunorde izan zen, eta hurrengo urteko edizioan txapela eman zioten, bertsolariarentzako omenaldi gisa.

1936ko maiatza aldean Goizuetan izandako krisi baten ondorioz 1936ko ekainaren 3an hil zen Altzako Gazteluene baserrian.

Bilbon, Hernanin eta Altzako hiru kalek bere izena daramate. Oreretan bada Txirrita-Maleo izeneko industrialde bat: Bere izena Txirrita eta Maleo baserrien artean egoteagatik datorkio.




Bertso berriak

Txirritak jarriak

Pernando Amezketarrari


1

Ijiniero baten etxera

juan zan egun batian:

urre-barra bat aundi samarrak

zenbat balio lukian.

Erantzun zion: «Etorri gero,

esango dizut jatian,

bazkal-onduan gero kontuak

egingo dira kafian».


2

«Urre barr'ori nun dezu bada,

nere baserritar ona?»

«Por si acaso billatzen badet

galde egin diyot, jauna».

«Danak debalde uzten dizkitzut

gaurko erana ta jana,

naiago nuke etxe ontatik

baldin bazeudeke joana!».


3

Neskamiari uju egin ziyon:

«Zabaldu zaiozu atiak!».

Erantzun ziyon: «Pena ematen dit

asarretuta joatiak!».

Berari parra eragin ziyon

Pernandoren esatiak:

«Bein elkarrekin bazkalduko ta

artu ditzagun kafiak».


4

Neskamiari bigarren txandan:

«Bultza, Maria, atia;

lastima dala diyo jaun onek

asarretuta joatia;

ontâ ezkero igualtsu da ta

eman zaiozu kafia,

arraio onei kostako zaio

berriz gurekin jatia».


5

Bein praile zar bat etorri zan da

zorrotz artu ziyon kargu:

«Errot-arriyak zerutik bera

zenbat denbora biar du?»

Pernando zanak erantzun ziyon:

«Jauna, ez noski bi ordu».

Arro etorri zitzaion baño

laister aurretik bialdu.


6

«Zenbat denbora biar lukian

orain nua esatera,

errot-arria prailia balitz

konparaziyo batera:

gaur amaiketan bota bazuen

Jainkuak zerutik bera,

amabitako etorriko zan

bikariyuen atera».


7

Pernando etzan olakuetan

isillik egon-zalia,

asko pentsatzen etzan aldetik

ematen zuen dalia;

arentzat ere sumatu zuben

uste etzuen alia,

orduko zopa mayian zan da

barrena sartu zan prailia.


8

Orduko oien pasadizua

iñork nai badu ikusi,

bikariyua balkoian zegon,

andik zituben ikusi:

«Prailiak asko dakite baño

gaur artzaia da nagusi;

atoz, Pernando, bazkaldutzera

zere makilla ta guzi».


9

Egun batian astuarekin

abiyatu zan etxetik,

lepo gañian palakatuaz,

maite zuen biyotzetik,

ipurdi-pian zatarrarekin

ez ebakitziagatik;

bazijuan ta apaiz jaun batek

arrapatu du atzetik.


10

Burla egiten asi zitzaion

gure sazerdote jauna:

Jesus, Pernando, au da lujua

zure astuak daukana!

Tela oberik iñun billatzen

izango da naiko lana,

nik ere pozik artuko nuke,

zenbatian dago kana?».


11

Sazerdotiak itz ori esan,

Pernandok buelta urrena;

eskuarekin asto-zipotza

altxatu ziyon aurrena,

esanaz: «Jauna, or dago denda

tela-jeneru orrena;

bertan ederki ikasiko du,

sartu liteke barrena».


12

Dendako ate itxusi ura

zuben denboran ikusi,

sazerdotia ikaratu ta

abiyatu zan igesi.

Uju egin ziyon: «Jauna, etzuben

gutxiagorik merezi;

ordañak entzun nai ezpaditu

neri burlaka ez asi!».


13

Pernando nola bizitzen baizan

bikariyuen auzuan,

egun batian abisatu ta

etxea ekarri zuan;

biyak izketan egondu zian

ordu bete bat osuan

txerriya il da partiziyua

nola guardatuko zuan.


14

Ta esan ziyon: «Pernando, laster

il biar degu txerriya,

bañan badago nere barrenen

kezka bat izugarriya:

igez nundik-nai etorri zaigu

odolkiya ta urdaya,

orain ordañak partitzekotan

besterentzat det erdiya».


15

Erantzun ziyon: «Il beza, jauna,

neri esan diran gisan;

bañan odolki gutxi partitu,

ez bedi tontua izan;

gero balkoian jarri biar du

jendiak ikusi dezan,

gaberdi aldian barrena sartuta

ostu diyotela esan».


16

Kriara laster bialdu zuen

arakiñaren galdian,

ilda balkoian ipiñi zuten

ta odolkiyak baldian;

Pernandok berak eraman ziyon

gabeko amarrak aldian,

apenas asko partitu zuben

Amezketa'ko kalian.

No hay comentarios:

Publicar un comentario