luxkoss@gmail.com

martes, 6 de abril de 2010

NAHI TA NAHIEZ- TEILATUAN REGGAE


Ia ahaztu zitzaidan Itoiz taldearen "Lau teilatu" abestiaren bertsio hau, 1993 an Nahi ta Nahiez talde Naparrak egin zuena eta "Plazaolaren Martxa" diskan ateratakoa, bide batez esan beharra dago Plazaolako trena Andoaindarrei oso lotuta dagoela, Trentxikiaz ari gara hain zuzen. Hurrengo lerroak Ohiuka disketxetik ateratakoak dira.



NAHI TA NAHIEZ
"Plazaolaren martxa"
Nahi Ta Nahiez 1992ko udan hasten da lehenbiziko urratsak ematen eta gaur arte hor diraute taldea gorpuzten eta sendotzen, Aralarko magalean, begirada Baztanen utzia.
Abiadura handiko jendeaz dago osatua. Nahiz eta gazte hasi (15, 16 urte) bide luze eta zabala moldatzen dabiltza. 1993an bi deialdi nagusirekin egin zuten topo; hots, Nafarroako Pop-Rock lehiaketan finalera iritsi ziren eta Nafarroa Oinez-en jo zuten. 1994. urtea erabat onuragarria izan da (Nafarroako Pop-Rock, Herri Urrats, Nafarroa Oinez). Kanta berri martxosoak konposatu berriro plazaratzeko, grabaketa estudiora ongi landurik hurbildu eta horren ispilu dira bi maketa eta "Plazaolaren martxa" izeneko diskoa. Lan hau hasiera batean beraien ardurapean eman zuten argitara apirilean eta orain Oihukak hartu du bere gain. 1995eko uda oparoa joan zaie, astero jaialdia izan dutelarik, Nafarroako mugak hautsiz.
Nahi Ta Nahiez taldearen musika rock-ean kokatuko genuke, baina keinu desberdinak egiten dizkiote reggaeari, heavyari, popari. Musika herrikoia, zuzena, iradokikorra, berritsua, emankorra eta batez ere alaia eta festa girokoa, hitz garbi eta gogorrez hornitua batzuetan, nahiz eta maitasunari egin tartetxoa, honen lekuko dugu reggae erritmoaz landutako "Lau teilatu", Itoiz-i egin dioten bertsio liluragarria.
Hamar kantuk bilakatzen dute martxa eta jaia, desioa eta indar leuna. Maitekiro, derrigorrez.


NAHI TA NAHIEZ
"Basurdearen orrua"
Derrigortasunaren poderioz, edo hobeto esanda, norberarengan sinesmen handia jartzen denean, pentsaturiko ideia zail horiek aurrera ateratzeko gai izaten gara. Ez beti, ere, aitortu beharra dago. Ezin da dastatu beti gozokia, batzuetan bihurtzen baita gazigozoa.
Nahi Ta Nahiez taldearen historia ez da batere bide erraz eta lasaitik joan. Tartean izan dira abagune deserosoak, baita zangotrabak ere. Horiek guztiak ordea, medioak izan dira helburura hurbiltzeko: ongi pasatzea musika eginez. Nahita ez burutu behar omen zuten bai taldea zein diskoa. Sasi guztien gainetik. Estreinako urratsa 1995eko maiatzean, duela urte eta erdi eman zuten Lekunberriko gazte hauek, "Plazaolaren martxa" diskoarekin. Besteak beste, Itoizen "Lau Teilatu"ren bertsio reggae-a osatu zuten "Teilatuan reggae"rekin. Eta pitin bat ezagunagoak egin ziren. Azken urteotako Nafarroa Oinezetan esku hartu dute, aurtengoan eurek konposatutako "Herriko lore" kanta izan da Nafarroa Oinezi aurpegia jarri diona. Astero han-hemen ibili dira zuzeneko emanaldiekin: hala eta guztiz ere, udan geldialdia egin zuten orain aurkezten dizuegun "Basurdearen orrua" grabatzeko Oihukarentzat Donostiako Elkar estudioetan Cesar Ibarretxeren aginduetara.
Basurdea zain duzu, edozein sasiren atzealdean, disko hau bezalaxe. Egon adi, festa hasi da basurdearen basakeriarekin. Denetarik dauka-eta diskoak. Bi hitzetan laburbildu behar izango bagenu, "jai-rocka" esango genuke. Kanta xumeak, errazak, sarkorrak, batzuk maitasunezkoak, eta gehienak aizkora zastatzeko prest, errebeldiari unea emanez. Eta beste guztiak hor dituzu, ez nolanahi. Gitarreroa atera da diskoa, jaiari abiapuntua emateko. Cd-an, batek daki non, izkutatua utzi dugu kantu akustiko bat, bikotean abestua. Dena azukre beltza, disko osoa bezalaxe.
Historia irakur dezakeen edonork, gutxienezko zentzuna baldin badauka bederen, badaki mundua uneoro akabatzen dena, baita uneoro mundua jaiotzen dena ere. Basurdea bezala.

3 comentarios:

  1. BEste bat"Umpah pah"taldekoa ,kataluniatik,eta
    Lau teilatu agitanao,"rumba norte" taldekoa da.En
    nahi ta nahiez tokaba (kreo ke el teklado)el gran
    Gorka urbizu lider de berri txarrak,Eso me kuentan
    por leitza.Lau teilatu bertsio reggae de nahi ta nahiez es muy original,asko gustatzen zait.

    ResponderEliminar
  2. Niri ere asko gustatzen zait Nahi ta Nahiez-en bertsioa eta oroitzapen asko dakarkit, dena den esan behar dago kanta mitiko eta bikaina dela "Lau Teilatu", niretzat Itoiz talde handiaren ikono den abestia.

    ResponderEliminar
  3. Niri talde honen Family abestia gustatzen zait. Hemen dago:
    http://www.youtube.com/watch?v=IXI84-p5Wks

    ResponderEliminar